Bittor eta biok. Bittor Kapanaga "Euskal Sokratesen" gogoeta ondarea.

Tekst
Loe katkendit
Märgi loetuks
Kuidas lugeda raamatut pärast ostmist
Šrift:Väiksem АаSuurem Aa

Behintzat, pozik nago, zeren Sokrates heriotz zigorrera kondenatu eta erail egin zuten eta zu, batzuen batzuek akaso nahi izango zuten zuk esandakoak argitara irten ez daitezen albotik kentzea, baina hemen zaude bizirik, bizitasunik gabe azken arnaseko bizitzan.

Sokratesek, jakingo duzu orduko sofistei aurre egin ziela. Bereak eta gainetikoak ordaindu beharko zituen korronte ofizialarekin bat ez egiteagatik. Sofistak garai haretako politiko mandatarien interesetan mugitzen zireneko intelektual menderatzaileak ziren; sarri askotan, filosofia pentsakera ororen debozioz baina onura ekonomikoen egarriz eta egia askoren traizioz zebiltzanak. Zuk, Bittor, ez duzu inoiz portaera materialistarik izan zeure bizitzan, hortik libre zaude.

Honetan, zu, gure “Euskal Sokrates”, halaxe bataiatu zaitut, Bittor, munduaren lukurreriaren eta zitalkeriaren aurrean, beste etika argiago eta zuzenago batez eta duintasun osoz agertzen zinen. Zure lanek ez zuten inoren menpekotasunik eta modu librean eta beti ere askatasun bideetatik murgilduko zinen.

Egia bilatzeko, lehenik eta behin norbere ignorantziaz konsziente izan beharra dago, baina zelan egongo dira ba jakintsu asko gauza askotan ignorante dirala ziurtatzen. Zelan, dudatan jarri euren egia bakarra eta borobila. Gure izaera, beste ezeren gainetik, arrazonamenduz bilatu behar da. Eta jakin egizu, ezaguerak liberatu egingo zaitula.

Dialektika dugu sistema edo modu demokratikoena. Eta bi fase daude berau argitzeko:

1.-Ironia: Ulertu daitekeenaren kontrakoa adieraztea liteke. Gure herriak asko daki honetaz. Ironia barra-barra erabiltzen da eta ontzat eta gustoko legez hartua da gurean. Garai hauetan gutxitzen badoakigu ere, ironia, historian zehar gure kulturan eta izaeran barneratuta daukagun izaera dugu. Jakin badakigu, bizitza ironia puntu batekin hartzeak merezi duela, eta dirudienez, garaunak garbitzen dituela. Bertsolariek duten ironia begibistakoa eta goraipatzekoa dugu, geu garenaren seinalea da-eta.

2.-Mayeutika: Bestearekin kooperatzea; solaskidearengan egia atera ahal izateko egin beharreko ahaleginak eta eginahalak. Ekintza txarren zergatia, ignorantzia edota ezjakitea zela zioen Sokratesek. Zeuk ere zorroztasunez esaten zenigun esan beharrekoak, eta argiro aipatzen zenigun sarritan: “Jakintza mugatua da baina ergelkeriak ez dauka mugarik”.

Sokrates mendebaldeko filosofiaren sortzailetzat edo aitatzat dugu eta greziarren garai haretako izpiritua bereganatu eta hausnartuko zuen; Bittorrek, euskararen erroetara joanik, gure herriko aspaldi bateko jakintza erakarriko zigun.

Herri zaharretan gizon jakintsuei eta ahalmena zutenei “druida” deitzen zieten, eta halaxe deitzen zizun Joseba Sarrionandiak zuri. “Otxandioko aztia” bataiatu zizun Igor Elortza bertsolariak.

Eta orain zoazenean, zer esan, zoria izan dudala zeu gertutik ezagutzean, zure euskal jatorria, sena eta zure jakituriaren apurren bat behintzat neugan sartu izana, eta nire betiko galderen erantzunak argiago izatean. Zorretan nago bai, zure esanetan begietsi dut ezjakintasuna eta esker ona ematea daukat, zuk emandako argibideak ahazten ez ditudalako eta itxura batez edo bestez hedatuko ditugulakoan nago.

*Oharrak:

Liburu hau 2011ko uztailaren 13an hasten da, Bittor Gasteizko Santiago ospitalean hilzorian egon zeneko egunean, beraz, han kokatua eta ideietan, pentsakeran eta gogoetan bide zabal eta emankorra egina.

Bittorri egindako galderak, gogoetak eta narrazioa batuaz idatzia dago, nahiz eta gu bion arteko eguneroko hizkera bizkaiera zen.

Bittorren erantzunak, letra etzanaz eta bizkaieraz agertuko dira baina aldian aldiko bere idatziak batuaz agertuko dira.

Bittor, batueraren aldekoa zen, dena den, bere ustez: bizkaieraren benetako balioa ez zuten aintzat hartu.

Bittorrek euskera erabiliko du euskararen ordez.

Bittorrek esanak

“Euskera batua eraikitzean erabaki oker asko dago, gure hizkuntzaren izena euskera behar liteke izan eta ez euskara, hori onartu bada zergatik ez, hizkara, bizkaiara, gipuzkara.”

“Latinopatek sinestarazi nahi digute partizipioak direla TU amaitzen diren guztiak.

Eta gure hizkuntzan, partizipioak: A egitean du etorriA da, apurtuA dago.

Euskeraren erraiak arakatzen saiatu beharko ginake. Adibidez, “Infinitiboa” (IN hitza) eta “Partizipioa” kontuan dugun nahaspildura, nire eritziz erderazko konparaketak eginez sortua izan dena, berriketa beharra dagoela uste dut. Ezin dugu jarraitu horrelako funsgabetasunean eta ziurtasunik ezean: ikusi, ibili, jantzi, isildu, arduratu, etab., “partizipioak” eta eman, egon, ari, etab., “infinitiboak”. Eta gizondu, umetu, zimeldu eta horrelakoak, zer?” (86 orrialdean).

“Etorkizuna ereiteko dago eta geure esku dago.”

“Dogma eta lege guztien gainetik, muga guztien azpitik, atsekabe guztien ondotik, funtsean nortasunaren sena galtzen badogu, irudipen bat besterik ez ginake, folklore hutsa, landare ihartua.”

“Gure geroa ere geu gara, orain aztertu eta zabaldu daikeguna baliogarria izango jaku geroan ere.”

“Gizakia funtzionario izatera bihurtu da eta beste batzuen menpean ibilteak, norbere askatasunaren balioa ahultzen dau eta hor ez dago ezer barririk deskubritzerik, hor dana egina dago, besteak esaten edo aurretik idatzi ebena erabili eta horixe bera itsu-itsuan baieztatu.”

“Lehenari buruzko dokumentu ikaragarria dogu hizkuntza, baina ez dakigu dokumentu hori irakurtzen.”

Bittor Kapanaga

Jaio, Otxandion, 1925.eko urriaren 15ean. 2011.eko uztailaren 14an zendu zen.

Gurasoak, aitaren aldetik guztiak kaletarrak, lau edo bost belaunalditan, behintzat. Amaren aldetik baserritarrak. Guzti guztiak euskaldunak baina bi mundu ezberdin.

Bost urtedun, amak erdera apur bat irakatsi eta eskolara. Hor guztia erderaz, baina umeen artean euskera nagusi. Ikasle azkarra baina bildurti samarra eta oso erabea.

Zortzi urte nituela, zorte txarreko ebakuntza baten ondoren, ustebako aitaren heriotza. Bizitzaren aldaketa gogorra, ondo markatu ninduena, beti amaren oinazea eta samina zelatan. Anaia bat zaharragoa eta arreba bat gazteagoa, biak izakeraz aitatarrak eta erdian ni oso osoan amatarra, bi mundu ezberdin hirukote txiki batean. Eta neure larruaren barruan bakarrik bizitzen ikasi. Inguruaz eta ingurukoez ohartzen, gauzak eta gertakizunak epaitzen, amagandik hartu nuen sikologia indarra garatzen,...

Amak, adore handiz aurrera atera gintuen eta hamar urtegaz adineko baten sentasuna eta arduratasuna nituela uste dot. Baina oso erabea eta nahiko makala izakeraz.

Eta orduan, ezbeharrik handiena: gerra. 1936.eko uztailaren 22a. Goizeko 9ak eta laurdenak: “Hi, txo joan adi eta abioiak botatzen diarduen paper bat ekarri”. Esana egin behar eta papera eske,... heldu baino lehentxoago, paper zirelakoek eztanda,... ke baltza, garrasiak eta izua hunetaraino. Kaletik ihesi basora, eta bidez bide, beti aurrera, heriotzagandik ihes, arratsaldeko hiruretan, arreba eta biok, Berrizko Andikoa barreneko aitaitaren baserrira heldu.

Bederatzi hilabetez baserria odolean sartua nuen eta ume guztien artean (hiru familiatako 14 lengusu-lengusiña) neu nintzen baserritarrena.

Berriro Otxandiora. Guztia errea, suntsitua. Miseria. Etxea zelanbait konpondu, behi pare bat eta geunkazan lurrekin, kale-baserri bizitza. Okerrago aurkitzen ziren beste batzuk. Eta amaren arau nagusia batez, berriro eskolara, oraingoan ezer ez ikasteko: goizean historia sagrada eta arratsaldean historia de España.

Harrapatu ahal nituen idazki guztiak irakurriz, nahaste eta doillorkeria guztien barruan egon zitekeen zergaitiaren bila. 1939.eko irailaren 3a. Europan gerra. Bilbotik ihesi etorritako zahar jakintsu batek, berak ezin eta, egunkaria irakurtzeko eskatu eustan. Nik ondo irakurri eta berak sekulako hitzaldia emon eustan. Faltan jatan tanta nire burua hornitzeko. Munduko eta gizartearen egoeraz jabetua nintzen eta geroztik arreta handiz jarraitu izan dot nahasketa guztia.

Hogei urtedun, Eibarrera lanean. Egunez fabrikan lan eta gauez Armeria eskolara. Laster egin nituen adiskideak. “Hi, nun estudixatu dok hik?” – “Soloan,behixak zaindu eta zerbait irakurriz.” Ez eustien sinesten. Eta Eibarko lan talde ekintzailearen erdi erdian aurkitu nintzen: egunez fabrikan lan eta gauez euskera irakasten Klub Deportiboan. Laster, hasi nintzen “Eusko Gogoa”n artikuluak idazten, geroago “Zeruko Argia”n, “Anaitasuna”n eta beste aldizkari batzutan.

Hamairu urte han egin eta berriro Otxandiora kooperatibak sortu eta holako lanetara. Baina nire gogokoenak honeik dira: euskeraz idatzi, hizkuntza ikertu eta baratza zaindu, horrela ikasten da ekologia zer dan. Eta gaur honelaxe bizi naiz.

Bittor Kapanaga

Azken agurra, 2011ko uztailak 13, Gasteizko SANTIAGO OSPITALEKO 673 gelan

Bizitzak edo patuak edo dena delakoak azken unean zurekin egon nadin nahi izan du. Zure azken gaua izango dela ziurtatu dit medikuak eta, hala ba, zeure azken arnasak sentiarazten dizkidazu, Bittor.

Ez da gaurtik pasako diost medikuak. “Egia esan, harrituta nago zein bihotz gogorra daukan gizon honek, astebete da bizidunetik kanpo ikusten nuela, zaila explikatzea baina hemen dirau oraindik”.

Orain astebete galdu zuen konortea, ospitalera halaxe ekarri zuten. Lourdes bere arrebaren deia jaso nuen, “Zu, Gontzal, Bittor oso dago txarto. Gabaz inongo esperantza barik ospitalera eraman dute”.

Deia jasoz batera, arratsalde horretan bertaratu nintzen, Gasteizko Santiago ospitalean bizirik baina hilzorian zegoen Bittor. Berarekin bere iloba Enrike. Ordu gutxirako zela uste zen. Huraxe izango zelakoan azken aldia, neure azken agurra emanez etxeratu nintzen, berri txarraren deiaren zain.

 

Hurrengo egunean, eta egunetan berdin jarraitzen zuen eta halaxe ba, egun batzuk geroago, Enrikeri esan egin nion, neu ere berarekin egoteko prestatuko nintzela. Asteazkenean, 2011.eko uztailaren 13ko iluntzean, hil aurreko azken gauean ospitalera hurbildu nintzen gaua bere ondoan pasatzeko asmoz.

Inongo irteerarik ez daukanari hiltzen laguntzea logikotzat eta premiazkotzat jo beharko genuke, eta agonian dagoanari denbora laburtzea, gauzarik zentzuzkoena dela deritzot. Baina legeak lege dira eta honetan gizakiok ez dugu erabakiaren giltza, legeak markatzen duenetik neurri bat ere ez pasatzea, hauxe dugu egin beharrekoa. Kontzientziaren gauza baino beldurrarena da akaso legedia onartzea eta aplikatze hori. Legea zentzuaren gainetik jartzea edota lege-arauez gain zentzua erabiltzea, hemen koska.

Gaur eta hemen, bihotzak arnas egiten duen bitartean, modu artifizialean bada ere, eta inongo itxaropenik ez badu ere, azken arnasa bota arte, gorputzari bizirauten lagundu beharrean gaude. Ondo edo txarto, halaxe dio gizakion kristau mandamentuak edota honetaz gizakiok burutu izan duten legeak.

Iluntzen hasiko da laster Gasteizen. Santiago ospitaleko leihotik urruneko laino zurizkak galduz doaz. Ilunabarrak malenkonia dakarkit irudimenaren oroimenean murgilduz.

20:15ean badira oraindik uztaila egun honetako eguzki printzak, Bittor eta biok bakarrik gaude gelan. Ordu gutxirako izango da bizitzako bere azken hasperena.

Bittorrek bete du bere zikloa, urteen arabera luzea, baina luze-laburra izateak beti du zein garaietan bizi gareneko ikuspegia. Dakidana da, ez duela ikusiko hurrengo egunsentiko paisaiaren argitasunik ez beste ezer eta bera izan dana neure oroimenean geratuko dela. Hala diote olerkariek ere, oroitzen dugun bitartean ez dela gugandik joango, bizirik diraugula eta gugan bizirik dirauela.

Bihotzaren taupadak ematen dio bizitza, beste ezer ez dabil eta beste ezerk ez darabil, edo horixe pentsatu nahi dut, zeren ez baitakit zer darabilen buruan, ezer badarabil behintzat. Bittor tematia izan da beti ere:

“Pentzetan nago”, esaten zidan behin eta berriz ere azken garai hauetan, “ideiak agortu ez dakidazan eta era berean makina ugertu ez dakidan, pentzetan irauten dot. Gauzak, zenbat eta gehiago pentzetan diran, hobeto ikusten dira.”

Izan ere, Bittor pentsalaria izan dugu eta bere jakinduriak gure adimena ere biztu eta bizkortu izan du. Eta orain badakit bihotz handikoa denari bihotza itzaltzea kosta egiten zaiola.

Terkoa, burugogorra izan da bere bizitza osoan Bittor, horixe esaten zidan Lourdes bere arrebak. Errieta askorik egitekoa ez, baina berean bere. Orain ere, hilzorian egonda ere, iraun nahi duela agertu gurean dabil.

Erizaina sartu da, Vanessa; sueroa eta gainetiko guztiak kendu dizkiote. Berna eta gorputz gehientsua zirkulaziorik gabe du. Izara kendu dio eta begiratu diezaiodan keinu egiten dit. Eskumako berna guztiz du beltzituta, eskuko atzamarrak ere beltzitzen ari zaizkio.

Morfinaren bila doa eta laster baten itzuliko dela diost. Erizaina etortzear dagoen bitartean, Bittorri begira nago, gauza asko esan nahi nizkio, galdera pila egin nahi nioke, baina beti berarengandik erantzun zehatzak izan baditut ere, oraingo honetan, ez dut inongo erantzunik izango. Ez dut izango gehiago nire Bittor adiskide eta maisuaren erantzunik.

Bai hala da, Bittor lagun eta maisua izan dut bizitzako zenbait alor eta pasartetan. Gidaria neure galdeketan, laguna larrialdietan. Ikasbidea izan da berarekin hainbat ordu igarotzea. Faltan bota izango dudan laguna, baina jaiotzak heriotza du zor eta hemen joan etorrian gaude, halaxekoa da-eta bizitzaren legea.

1. morfina dossia

“Morfina hau lagungarri izango zaio bere agonian. Hiru ordutik hiru ordura jartzen diogu, eta sedatuta egonik ez du ezer sentitzen, dena den, Bittorren bihotzak ze iraupena duen!” diost erizainak. Astebete da hona sartu zena eta medikuak ez zuen uste hurrengo egunean biziko zenik. Toma jarri dio eta badoa.

Eta nerekautan nioen, badoakigu mundu honetatik Bittor, badoakit nire maisua, bere bidea egin du. Ez du bueltarik. Hauspoa dabilen bitartean, bizitza gabeko bizia dago. Eta berari begira ari natzaio. Ez du askorik iraungo baina bihotzak taupada luzez batzuetan, laburragoan besteetan, bonbeatzen duen bitartean hemen dirau. Lau segundutik lau segundura hartzen du arnasa, hirunako txanda labur bat eta gelditu egiten da, gehiago haizerik botako ez lukeen legez, hamar segundutan geldi arnasik gabe. Bapatean amaituko delakoan, baina berriro bihotza berean tente.

Bi oheko gelan gaude biok, 673 zenbakidun gelan. Ondokoan ez dago inor. 673 zenbakia. Garai baten tarot eta numerologia gustoko izan nuen eta beti jartzen nien zentzuren bat edo esanahiren bat zenbaki guztiei. Kasualitatea ezer ez delakoan. Honela ba, tarotean jarduten zuten ikaskide talde batekin ere egona naiz aldi baten. Beraz, 6+7+3: 16: Dorrea edo Jainkoaren etxea. Oinarri sendoak dituena, baina izatearen suntsiketa, heriotza.

Hala, ikasi ere egin nuen, taroteko klabe bakoitzak subkontzientearen erantzuna agerian jartzen duela eta erantzukizuna eskatzen digula. Beraz, barruko geure ahalmena zuzentzea eta bideratzea geure eskuan dugula.

1+6: 7: Zazpia, karroza dugu tarotean: arrakasta. Egindakoaren saria. Bittorren kasuan, bereak egin du eta badoa edota badaramate. Karrozan edo atautean jarriko dute eta egon daitekeen edo ez daitekeen beste mundu misteriotsu horretara doa.

Guk bere izenaz, izanaz eta egindakoaz oroitzen eta hizketan jarraituko dugu. Beraz, hemen onuragarrizko zerbait utzi duena ez da inoiz hiltzen, geuk, bizirik diraugunok hilko dugu ahazten badugu baina ahazten ez dena ez zaigu inoiz hiltzen, gure barrenean eta gure memorian dirau.

Agonian dagoenak, azken arnasetan dagoenak sufritzen ote du?, entzuten ote du? Bai, mina eta samina kentzeko, arintzeko, morfina ematen zaio baina, zer sentipen ote du barruan?

Bittor, ez dakit, inork ez daki entzuten ote duzun, bizitzaren zein sintomak duzun. Ezintasunezko arnasketa besterik ez dut somatzen zugan. Kostatako taupadak, estuak. Ni hemen zentinela bezalaxe nauzu baina apenas dut ezer egitekorik. Zelatari nago baina zeuri begira nagoen heinean, dena deskonektatzeko gogoak ere ematen dit. Bestalde, barealdia ere somatzen dut, dena isil eta denbora bera ere geldi-geldian doakigularik. Bizitzaren amaieran, heriotza besterik itxoiten ez duzunean, barealdia datorren ustea dut. Doanarentzat diot noski, hemen, bizitzaren joanean, hurbil izan dugunaren joandakoagatik gure penak eta oroimenak barru-barruan sartzen zaizkigu eta geure doluan pentsarazten izango gara aldi batez.

Egunotan irakurri dut gaietan aditua eta bizitzako azken txanpan dagoen jendea tratatzen duen Espainiako neurozirujau ospetsuenetariko batek esandakoa: “Burua gelditzen denean, dena gelditzen da”. “Burmuinaren heriotza edo muerte cerebral” deritzogu honi. Beraz, buruak neurtzen du bizitzaren amaiera. Beste gogoeta sakon hau ere aipatzen zuen. “Egunero 10 bat gizaki hiltzen ikusten ditut neure inguruan, era guztietako jendea, zahar zein gazte, aberats zein pobre, eta mundu hau uzteko azken txanpan dagoen unean, inork inoiz ez dit aipatzen diru konturik, ez eta errenta patrimonialik.”

Honen harira, kantu bihurtzeko gogotan hauxe idatzi nuen:

70 bider 7

70 bider, 7 aldiz saiatu zen

gogo onez, bizi-pozez saiatu zen,

eta ahaleginean huts egin zuen.

70 bider, 7 aldiz saiatu zen

baina ezer esaterik ez zeukaten

eta isilean jarraitu zuten,

hurkoak izan baziren ere, aldi baten,

orain urrutiegi zeuden.

Eta nahi ta ezinean, ezin ta nahiean

70 bider, 7 aldiz saiatu bazen ere,

aurrez aurre jartzeari beldur zioten

bizitzaren laburraz aditu ez ziren

eta bizitzak ihes egin zien.

70 bider, 7 aldiz saiatu ondoren

71. aldian heriotzak elkartuko zituen,

eta, gertatutakoa gogoratzean,

negar, negar egin zuten.

Zer den gauza!, biziaroan, senditarteko eta lagunak, dirua medio eta haren erruz haserretzen dira eta azken unean, mundu honi betiko agur esan behar diogunean, zer balio ote du ba diruak?

Gogoan dut Bittor, zeuk sarritan zeniostana:

“Nik bizitzeko gitxi behar dot eta diruaren gerra ez da nire burmuinetan sartzen”.

Bittor, zu, pobre-aberatsa zinela esango nuke, hobe inguruan ikusten ditugun aberats-pobreak baino.

Badakizu mundu honetan, dirua, izate guztiaren jainko eta deabrua dala, pozaldi, atsekabe eta haserraldi guztien kalbarioa. Ondasunak sortuz batera, gizakion maltzurkeria be berak sortzen dau. Ditxosozko eta zorigaitzeko diruak, ontzen deuskun moduan, dana aldrebesten dau.

Diruz ondo dabilenak, laguntza emotekotan be, zeozeren truke emongo deutsu, inoiz ere ez, beste barik, emoteagatik, hau ikasten joango zara, halaxe dala.

Eta esaten den legez, egungo demokraziak, gizatiar eta ekonomi diktadura berriak ditugu, daudenik eta hipokritenak. Dirua jaun eta jabe dugunez, egoera itogarriak sortarazten dizkigu. Eta berak sortzen du zer den zer eta nor den nor.

Jendeak serbidunbreak ditu baina nik, nire adinarekin ez ditut behar eta, bestetik, bizitza ez da arazoa, bizitza bere gorabehera guztiekin eroaten jakin egin behar da, pentsalarien eginbeharra gainera, ez da arazoak konpontzea desegitea baino.

Diruaren desiran, zenbat suntsiketa eta zorabio! Zuk ez zeneukan horren anbiziorik. Zure bizi-poza hortik kanpo zegoen. Eta ziurrenik, zeure bizimoldean, lan intelektualaren zintzotasunaren oinarrietan bazenbiltzan, beti pobre izango zinela onartua zeneukan.

Bai, baina bere bentajatxoak be badaukaz, inoiz ez jatala bizitza aspergarria irudiko eta bestetik, badakizu, ebangelioan ere esaten dana: Jainkoari eta diruari era berean serbitzea ezinezkoa dala. Esaera zaharrak dinona diot: “Hemen zerue eta han zerue ez da gauza segurue!”.

Kontutan hartu beharreko dozu,“Dirua bitarteko dozun artean, bidelagun ona izango dozula, helburu bihurtzen badozu, horrexek galduko zaitula”. Eta, inoiz entzun be egingo zendun: “Dana gura dauanak, dana galtzen dauala”.

Kanpoan, urruneranzko neure begiradan zerua gorritzen ari da, “arrats gorri, ongarri” dio atsotitzak, lainoak behekalderantz doaz, eguzkia sartzen joango da laster baten. Neure amamak zioena daukat gogoan, “eguzki amandrea bere amarengana doa”. Egunaren amaiera ere bizitza bezalakoa da. Azken unean datorkigu lasaitasunaren barealdi laburra, betirako joan aurreko lasaidura.

Atzo Bittorren laguna den Rikardo Badiolari esan nion azken txanpan zegoela. “Bizitzaren legea” esan zidan berak. Holako gizasemerik nekez jaioko! Nik neuk ez dakizkidan gauza asko kontatu behar dizkidala diost Jose Luis Lizundiak: Bittor pentsalaria, Bittor politikaria, Bittor aitzindaria. Jende askok ez omen daki nor eta norainokoa zen gure Bittor. Zenbaiterainoko pioneroa zen. Batzuen batzuek uste dute kantu batzuren letra-egilea zela, baina Bittor askoz gehiago da. Berez ernetako gizon berezia da, hazitarako modukoa. Guztiok dakiguna zera da, orain eta geroan ere balio izango digun jakinduri handiaren zama daramala berak.

Xabier Kintanak, Bittor Peru Abarkaren itxurako gizakia zela diosku, euskara aldetik jantzia, euskara txukuna eta zaindua zuena. Bitxia zen bere izaera eta bitxiak ziren berak esandakoak, magnifikatu egingo duen itxuran Mogelen euskararen gaineko erreferentziak baserritarrak ziren gehienbat eta Bittorrenak halakoak direla dio Xabierrek. Mogel, pentsalaria eta hizkuntzalaria genuen eta ikasketa partikularrak egingo zituen, Bittorrek egingo zuen antzera, autodidaktak biak. Bittorrek bazeuzkan bai nolabaiteko Mogelen antzak. Basarteko unibertsitateko maisua zen Bittor, Kintanaren ustez.

Oraintsu esan zidan X. Kintanak Kapanagaren sorkuntzak eta ikerkuntzak hitz garrantzitsuak eman zizkiola gure hizkuntzari. Gogoan dugu, alfabetatze eta euskara berbizte eta modernizatze garaietan, “debelopamendu “ hitza, barra-barra erabiltzen genuela, eta hara! gure Bittorrek esan zigun hitz baliogarria eta esanguratsua: “Garapena”, berari otu zitzaion modurik logikoenean lurraren zuztarretan ibiliz eta garatuz. Bittor, euskara kontuetan jantzia eta jakintsua genuen eta hizkuntzaren logikotasunaz hitzegiten zigun beti ere.

“Euskerari estatus ona emon behar deutsagu” esaten zigun. Euskarak, gure aurreko milaka mendeen bizitza eta pentsakera adierazteko baliorik handiena duela zioen.

 

Patxadan eta zentzuz egin behar zirala gauzak, hori zioen Bittorrek.

Bi erizain sartu dira eta algodoizko zapi busti batez ahoa errefreskatu diote. Ahoa mugitu eta itxi egin du, badu bizitzaren sentsazioren bat. Zera esan diet, agonia hau ahalbait arinen amaitzen lagundu diezaiotela. “Esaiozu gero gauez datorren medikuari, gu ez gara inor ezer erabakitzeko.”

Luzapenak luzapenagatik ez du zentzurik, honexegatik eskatu diet morfina dossia handiagoa sartu diezaioten. Hola irauteak ez du zentzurik. Honek ez dio gizakiari duintasunik ematen. Sufrikarioa sufrikarioarengatik jasatea kastigu tamalgarria besterik ez da, inora ez garamatzan etika gabeko portaera eta endemas gizakiarengan inolako duintasunik ez duena. Gizakiok, gizonak egindako legeari eta Eleizako mandamentuei, lehenik eta behin eta beste ezeren gainetik, duintasuna eskatu behar genieke.

Jainkoak nahi duen arte diogu, bere eskuetan gaudela esango du kristau sutsuak. Fundamentalismoak eta elizaren dogmak bizitza duin baten zentzua apurtzen du besterik gabe. Izpiritualitatezko iritzi horretatik begiratuta, honek ez du inongo logikarik, ez zentzurik.

Bittorrek sarritan esaten zidan “bizitzan zentzuna behar da eta hain dago gitxi ze!”.

Orain dagoen egoeran, ziur nago joan nahiago lukeela bertan egon baino. Aspaldidanik esaten ibili zait, bizi zertarako?

“Zahartzaroa tristea da” minez ziostan. Heriotzaren zain zegoela esango nuke nik. Eta hala ikustean neuk ere horixe diot, bizi zertarako? Zertarako agonia luzatu. Jainkoaren eskuetan gaudela? Beno, izatasunak ezelako bizitza izpirik ez duenean, eta halaxe dakusat une larri honetan, bizirik gaudenon betebeharra, hiltzen laguntzea da, eta ez gure ondokoa mina jasaten ikustea ezta agoniaren luzaduran ezerezari itxoitea ere.

Halakoetan itxoiteak ez du zentzurik. Itxaropen bati itxoin diezaiokegu baina itxaropenik ez daukan horri eta samina tartean egonik, bere egoera ahalik eta laburren izan dadin ahalbideratu beharko genuke. Baina ez, Jainkoak noiz eramango duen itxoiten gaude! hala diote. Nik honetan zera uste dut, bizitzaz bezala, bakoitzak erabaki beharko genukeela gure heriotzaz ere.

Osasunaren zerbitzuen kalitatea ona da, eta honi esker gaixo kronikoak ugaltzen doazkigu eta hola bizirauteak ez du zentzurik.

Eutanasiaren aldekoa naizela diotsut, bizitzak duintasunez bizitzea merezi du-eta; egoerak itzulerarik ez daukanean eta ezer egiterik ez dagoenean zergatik agonia luzatu. Ez du zentzurik. Bizi-testamentua edota “Testamento vital” deitzen den hori egina dut eta eskatzekotan nahiago berehalako baten mundu hau ixtea agonia iraunkorrean egon baino. Holandak lortu zuen eutanasia lege barruan sartzea, medikuak %80an horren aldekoak zirelako, baina hemen, oraingoz behintzat, Eleiza eta beste interes askotxo kontrakoak dira. Eta eskumatarrek eta eleiztiar askok, honetan, zinismoa eta hipokresia osoa erakusten dute. Jakina ezin dela orokortu, zintzoak ere badira-eta.

Sarritan esaten zenidan zeure inguruan ere somatzen zenuela mundu honetako faltsukeria eta hipokresia eta hauen aurrean edo ondoan ere bizi beharra dugula baina nor den nor, eta zer dan zer jakinaren gainean egotea hobe.

Krisi garaiko egoera latzetan batipat, izkutuan izaten doguzan gizakion portaera eta izaera guztiak ateratzen jakuz begibistara, gure hutsuneak eta birtuteak ere azalerazten direlarik, eta era guztietako gizakiekin egiten dogu topo, benetako direnekin eta gezurra nonnahi eta noiznahi darabiltzatenekin, eskuzabal agertzen direnekin eta inoren mesederako ezer egingo ez dabenekin, emonkor agertzen direnekin eta gutiziaz eta lukurreriaz jokatzen dabenekin, gizaki zintzoekin eta zinikoekin.

Badut honetaz oraintsu sortu dudan kantu esanguratsu bat:

Eta zu, nor zaitugu?

Nora doa federik gabeko jendea, hiltzen denean?

nora doa lurrik eta aberririk gabekoa?

nora doaz justiziaren alde egin ta ezer gutxi lortu dutenak?

nora doa lanari etekinik atera ez diona?

Nora doa esperantzaz bizi eta desesperantzan hil dena?

nora doa beldurraren beldurrez ausartzen ez dena?

inoiz inongo ametsik izan ez dutena?

izango ote du saririk lehian tinko ari denak?

Nora doaz beren egiteak ezerezean geratuko direnak?

nora doa itsaso guztiak igarota bazterrean ito dena?

nora doa adorez eta indarrez aurrera doana?

nora doa hango eta hemengo gizaki errebeldea?

Bada jendea munduan bizi poza ematen digunik

bada jendea gure bizitza lazten duenik

bada inoren mesedetan ezer egingo ez duenik

badira lagun arteko eta eskuzabaleko direnik.

Bada dauden lekuetatik ihes egin nahi luketenak

badira dauden horretatik ihes egin ezin dutenak

badira dauden lekuetatik ihes egin nahi ez dutenak

bada jendea isolamenduan zoriona aurkitzen duena

badira geroaren aintzidari bihurtzen direnak

badira beren izena estalki onez babesten dutenak

badira denen argitan bizi direnak

badira itzalean bizi behar dutenak

badira lehorpean ondo izkutatzen direnak

badira ahalgez eta lotsaz bizi direnak.

Badira ausartak, badira koldarrak

zentzudunak eta zentzugabekoak dira

badira zoroak, badira zuhurrak

badira erosoak eta borrokalariak

zabal begiratzen dutenak eta ikuspegi estuegikoak

era guztietakoak dira munduan

badira ausartak, badira koldarrak

badira leialak, badira traidoreak

badira zintzoak, badira zinikoak

era guztietakoak dira munduan

eta zu, nor zaitugu?

Eleizaren gaietara etorrita, Eleizaren jerarkiak ere inoizko baten errealitatearekin egin behar luke topo eta ez betiko dogma eta kontsignei eusten egonik, betiko leloaren iraupen horretan egon.

Eleiza katolikoaren jerarkiarentzat mundu honetako egonaldia sufrikarioarekin bat egitea da, beronen onarpenarekin bat egin behar dugulakoan. Baina, non ote dago idatzita, Ebangelioaren edo Bibliaren zein pasartetan adierazten ote da agonia luzatzearen onarpen hori? Egia absolutuak dira beraienak eta martirioa beharrezkotzat hartuz azken arnasa bota orduko norbere gorputzean gorriak ikusi beharra eskatzen duela Jainkoak-eta, ze Jainko ote da ba hori?

Orain hilabete pasa, egin nion bisitan honako hau galdetu nion:

Bittor, sinisten al duzu heriotz ondorengo bizitzan?

Ortzimugatik kanpora egon daitekeenak ez deust ardura. Gehienok sinistu nahi dabe, hori erlijio guztietan gertatzen da.

Baina ez dakidanaz eta argitu ezin dodanaz, ezin daiket askorik esan. Nik uste dot herentzia on bai ixtea beharrezko dogula, gure aurrekoek guri itxi euskuen modu berean, guk ondoroengoei, hau naturaren jaiotza eta hiltzearenaren antzekoa dogu, joan goaz baina zeozer ixten dogu eta hor gelditzen da. Bizia badoa, bizitza gelditzen da.

Bittorrek arrazonamendu kritikoa zerabilen eta beste munduko gauzetaz ez zuen hitzegiten. Eztabaida metafisikoetatik urrun zegoen eta ikertu daitezkeen gauzetan zebilen.

Aginduzko egi biribiletatik urrun nago zeren, hor, ikerlanik ezin daikegu egin, zentzuzko ezagupen zuzenik ateratzea gatxa dogu-eta. Nik gainera beti izan dot ezagupenaren zentzu kritikoa. Neu naizela dinot neure buruaren gidaria. Heriotzaren ziurtasuna eta beronen kontzientzia hor dago baina ez zuen gai honetaz hitz egingo. Eta heriotzaren presentziak ez du bere pentsamoldean leku askorik.

Heriotza etorri dator, onartu behar nahi ta nahiez baina ez dakigunaz eta ezin jakin nahi dogunotaz ezin berbarik egin. Hor suposizinoetan mugitzen gara.

Esan bezala, Bittorrenak gai terrenalak ziren, aintzinatea, historia, hizkuntza eta munduko zibilizazio galduak ziren horiei, euskarak zer berri eman diezaiokeen aztertzea, horixe zen batipat bere egitekoa. Bizitzak nonnahi eta noiznahi jotzen deusku, eta horrexek desbideratzen deusku dan-dana: Bizitza eguneroko erronka da baina beti dogu heriotza desafioan.