Bittor eta biok. Bittor Kapanaga "Euskal Sokratesen" gogoeta ondarea.

Tekst
Loe katkendit
Märgi loetuks
Kuidas lugeda raamatut pärast ostmist
Šrift:Väiksem АаSuurem Aa

Gogoan daukat behin bildotsa hilda jaio zela eta bizitza eta heriotzari buruzko gogoetetan genbiltzan biok luzaroan. Ez dakit non irakurri nuen: “Ni ez nagoenean ez dago heriotzarik, eta heriotza dagoenean, ez nago ni”. Beraz, heriotzaren eskaria beste era batekoa izan dadila nahi nuke, batez ere heriotza hain gertu dugunean eta hain present dugunean.

Eta Jainkoaren erruki bila gu beti?

Bittorrek, heriotza, geroa eta Jainkoaren gaietaz hasiz gero, isiltasunaz erantzungo zizun. Konprobatu ezin doguzan gaietaz eritzirik ez emotea hobe.

Zuretzat, Bittor, argudio existentzialek ez zuten inongo baliorik, eta ezagutza guztia zientifikoa zenez eta zientziaren metodologia gizakiak egina denez, ezin dute behin betiko egia iraunkor bat bailitz hartu.

Zientziak objetibotasuna eskatzen dau. Eta onez edo kaltez, Darwinek ere halaxe esaten eban: zientzia fedearen etsaia bait da.

Zuk ez zenuen erlijio konbikziorik, eta zure etika: Jaungoiko ikuskeraren aurretik zihoan. Ni ziur nago Eleizaren eta kristau askoren portaera eta ibilbidea ikusita, gizakiek sortutako erlijioen zentzuetatik alde egin zenuela.

Eleizaren galbideratzea mendetakoa da.

Galileoren antzera, zuk ulertu edo kontzebitu daitezkeen gauzetaz hitz egingo zenigun eta zure iritziak ere emango zenizkigun baina zeharka ezinezkoak diren gauzetaz hobe ez iritzirik eman, honelaxeko pentsaera zenuen. Eta bizitza eta heriotzaren arteko marra noiz amaitzen den hausnarketa dugu hemen eta orain.

Medikua gelan sartzen da eta nire berarenganako lehen galdera: sufritzen ote du?

–Morfina dossiak ematen dizkiogu sufritu ez dezan. Sedatua dago eta sufritu, ez du sufritzen.

Eta medikuari neure bigarren galdera, eta zergatik ez diozue dossia handitzen kalbarioa amaitu dadin?

...medikuaren erantzun desatsegina:

–Zer nahi duzu, hil dezagun ala?

Berehala konturatzen naiz mediku hau, legeak dionetik harantz ez dela mugituko, ez duela bere gain erabakirik hartuko, nahiz eta jakin, aurrean zer duen, baina beretzat legea lege da.

Gu ez gara inor erabakitzeko ziostan erizainak. Modu okerragoan erantzun dit medikuak. Jakin badakit, gai korapilotsua dela hau guztia, agian, kasuan kasuko erantzuna eman behar dela, baina nik, ikusten dudana ikusita, eta bizitzaren ezelako kalitatearen aurrean, duintasunagatik besterik ez bada ere, eta eskatzea libre denez, eskatu besterik ez dut egin.

Kasu honetan endemas, Bittorrek ez du erabakitzeko aukerarik, aurretik esan izan beharko zukeen bere desira. Baina badakigu heriotzan pentsatzea ukatzen duen kultura dela gurea. Eta bizirik gaudenean, nahiz eta gure bizitzaren amaieran gaudela jakin, ez dugu inoiz gai honetaz hitzegin nahi. Beraz, duintasunez hiltzearen eskaera, gutxi batzuek egingo dute, baina gizarte honetan ez da normalizatua eskabide hau.

Bizitza sakratua dela eta Jainkoak kentzen digun arte jarraitu behar dugula, hauxe diote. Benetan ere, Bittor hola ikusteak min ematen dit, eta elbarri eta konorte barik, inongo esperantza barik gaudenean, zer zentzu ote dauka ba bizitzak bizitzen jarraitzeko? Badira egoera desatseginagoak ere ziur, hilabeteetan edota urte luzeetan hala daudenak eta heriotzaranzko bidea egiten lagundu beharrean, eurak, nahitanahiez ere, estualdian eta sufrikarioan, luzaroan zentzu bako bizitza bizitzera behartuak daudenak.

Gogoan dut nire lagun batek oraintsu kontatu zidana. Antza denez, amerikar bere adiskide batek deitu dio telefonoz, agurtzeko.

Zer ba, nonbaitera zoaz ala? Ez, ez, laster hilko naiz.

Bizi izan garelako bizitzaren azken saria, honako hau baldin bada, sarritan pentsatzen dut norberen bizitza besteen pentzuetan eta besteen mendeko derrigorrez egon behar denean, hobe genukeela norbere buruaz beste egitea. Duintasun gabe bizitzeak ez duela merezi. Behin irakurri nuen: “Ez nuke nire buruaz beste egin nahi, batez ere, etorkizuna zer izango den kuriositatea dudalako”.

Kuriosidadea desagertzen danean joan jaku gehiena.

Bizitza misterioa dala!

Bai eta merezi dau bizitzea. Niri pena emoten deust bizitzeko ilusinorik ez dabenek, mundura etorri damuz egin ei diren moduan, eta bazenki zenbat dagozan holan! Baina ez zaharrak bakarrik, gazteak ere bai. Zentzun barik bizi diren gazteak. Eta zentzurik ez daukanari ez dakit zer esan nakion.

Eta Euskal Herrian zentzunik badau?

–Beste leku batzutan gehiago hemen baino.

Eta izakiengan konfiatu daiteke?

–Beno, beti be.

Askok fallatu egin eutsuen?

–Bai, askok.

Eta sinesteko arrazoirik egon badau?

–Bai, ostantzean dimititu egin behar dozu eta dimititzea azkena da, suizidatzea da. Eta eskape tristea da hori.

Bittor oso zuhurra izan da jendeak juzgatzeko orduan. Hobe izaten zuen isilean gelditu besteak epaitu baino. Gehien esango zuena hauxe: “hori espiritu bako pertsonea da” edo “itxure gehiago dauka horrek barrue baino”.

Kanpoan ilundu du, gautu da, Bittor, argiak gaurkoagatik agur egin digu. Bittorrek gaua zuen maite, gaueko ixiltasunak hitzen jarioa zekarkion eta gauean entzuteak bihotzaren arrazoiak goraltzen eta erakartzen dizkigu.

Berbetan eta kantuan ari natzaio Bittorri, ez dakit entzuten didan, itxura baten ezetz dirudi, baina badakizue zer dioten: azkenengo galtzen dugun zentzua entzumena omen da. Eta hau hala bada, poztuko da, eta ez bada, nire ahalegin guztiak zerbaiterako balio izango duelakoan nago. Hementxe dihardugu biok, ni zerbait esan gurean eta Bittor ezer ezin esanean, bizi ezinda noiz hilgo.

Bizitzan, hainbesteko ezinikusiak, egonezinak, saminak, ondoezak... hainbesteko grinak, eduki nahiak, frustrazioak, zorigaitzak, dena bertan utzi behar izateko, egotaldi honetan zera diot, gizakiok geure azken txanpan gaudenean, konturatzen ote gara egindako guztiak, asko nahiz gutxi izan, atsekabe sentsazioa hartzen duela?

Gaueko hamabietarako ordu erdi falta da, gaua ez dakit labur ala luze egingo zaidan. Sakon bizi izan denak heriotza modu naturalean onartzen duela diote, baina izaki batzuk berez dira gogorrak. Bittorrena zertan esanik ez, halakoxea da. Bere arreba Lourdesek esango lukeen moduan: zerez eginda ete dago?

Bittorrek bi neba-arreba dauzka, bizi dena, Lourdes eta Santi, orain urteterdi hil zena, margolaria eta Otxandiori buruzko marrazki finak eta dotoreak margoztu zituena. Santik ehunka koadro zeuzkan margotuak eta batzuen batzuk prezio onean eskeini bazizkioten ere, ez zuen bat ere saltzeko adorerik.

–Gontzalo, hi haz hi!, hik salduko heunke hire seme-alabarik ala?

Beno, behintzat nire seme-alabak kanpora aterako nituzke beste batzuek ere ikusi ditzaten zein galantak diren eta neuk ere pozaldia hartu dezadan! Bai, aideratuko nituzke.

Zergatik ez erakusketa baten jarri?

Ah, ez, ez, ez, ikusi nahi dituenak datorrela bertara.

Eta inork ez zuen konbentzituko koadro bakar bat ere saltzeko, edota erakustaldi batera eramateko. Otxandioko udaletxean dago berak egindako bat. Eta lehenagoko eskoletan ia gehientsuenak.

Bittorrek bere neba-arrebekin hitano egiten zuen eta jakina, desberdinduz, gizonen toka eta andranzkoen noka. Hitanoak adierazpen asko ematen digula zioen berak eta horixe bera dio neure lagun Juan Manuel Etxebarria zeberioztar hizkuntzalariak.

Euskeraren zahartasuna adierazteko, hitanoa oso da adierazgarria, zuka baino forma zaharragoa dugu-eta.

Guk horretan distantzia bat gordetzen genuen edota ohitura izango zen baina beti zukan genbiltzan. Egia esan, bi anaiek ez zuten beraien artean berba askorik egiten. Lourdes arrebarekin solteago zebilen hizketan.

Anaiari: Hemen gaoxak, ahalegin egingo joaguk.

Arrebari: Izango ez dona ba, ekarri egidan!

Berak amatara egin duela eta neba-arrebek aitatara zioen.

Ni izakeraz Berriztik datorren amatarra naz, Elorza, Berrizko jatorrikoa eta hori ezinezkoa da aldatzea eta nazen hau neure honetan joango naz denboraz indartzen. Eta badakizu, bihotzez ona dana, ondu egingo da eta maltzurra dana txarragotuko da, hau halaxe da, izan da eta izango da. Hala ere, pertsona baten balioa eta onezia, ingurukoekin daukan eraginagatik neurtu daiteke.

Honeik dozak bi, honeik! dio Lourdesek. Nork arteztu honeik biok! Arraroak baino arraroagoak dira-eta. Batak besteagaz ez dabe inoiz hartuemonik izan. Honeik bakotxa bere munduan dabilz! Eta nork aitu!

Lourdes oso zabala eta bihotz handikoa dugu. Lau semeren ama. Asko sufritu duen euskal emakumea, alarguna, seme bat gazterik hil zitzaion eta beste bi seme kanpoan izan ditu. Urte asko da etxetik alde egin behar zutela, erbestea beti da gogorra. Kanpoan urte askotan izandako Felipe, zaharrena, 59 urte zituelarik, 2015an hil zen. Gogoan dut Durangoko Jesuitetan ikasketetan biok batera ibili ginela.

“Gauzatuko ete da noizbait guretzako esperantza?” esaten zidan Lourdesek. “Bizitzak desesperantza gehiegi emon deusku, desilusioaren onarpena dakargu behin eta barriro eta datorrena ontzat hartu beharra, ez dago besterik.” “Ez dot nahi inolako esperantza faltsorik, honek frustrazioa besterik ez dakar-eta, beraz, ez dot ilusio handietan sinestu nahi badaezpada be.”

Bittorren iloba Enrike eta Ana bere emaztea izan dira asteon Bittorrekin. Luze egingo zitzaien eta neuk esan diet gaurko gaua igaroko nuela.

Berriro begiratzen diot, eta modu berean irauten du, ahotik arnasa hartuz eta isilik eta irmo ahoz gora inoragabeko begiradan, egonaren geldian denbora bera ere gelditu izan bailitz.

Orduak aurrera doaz, lau ordu etorri naizena eta arnasa hartu eta botaz gain, hemen ez da besterik, noiz botako azken arnasa eta noiz esango agur.

Esan dut lehentxoago, Bittorren burua misteriotsua dela. Misterioan jardutea eta misterioa jorratzea zuela bere egitekorik haundiena. Beraz, misterio horretan sartu izango gara, atalez atal, gairik gai eta memoriaren aztarnetan ihardungo naiz. Zer eta nor den Bittor, zer pentsakera daukan, zer jorratzen ibili den, zer adierazi eta deskubritu nahi izan duen. Galdera hauei erantzuna eman nahi nieke, Bittorren pentsaera, biziera, jarduera, pozak eta atsekabeak aztertuz eta sentiaraziz.

 

Bere izatasunean, pentsaeran eta esateko moduetan igarletzat hartu izan dugu askok, guk ikusten ez genuena berak argiagotzen zigun. Ikustea, ezezaguna dugunaren lekukoa izatea da.

Buruan dagoena baina ikusten ez dana ulertzeko, grina guztien gainetik, zentzuna, trebetasuna eta baretasuna behar da eta jakintzaren bideak be harrokeria eta dogma guztien gainetik, umiltasuna eta barealdia behar dabe.

Ni ez naz itxurarekin bizi eta disimulatzen ez dakit, itxurak halabeharrez sortzen dira. Ni ez naz disimulatzekoa eta diplomatikoa be ez naz. Berez, optimista naz, baina nigan logika dago eta triste banago, logikoa da tristezian topetea.

Bittorren esaldi bakoitzak bere puntua du.

Maisu baten irakaskuntza legez hartzen dut liburu honen egitekoa. Bittor pentsalaria, ikertzailea, jakintsua, ezagutarazi asmoz burutu nahi dudana izan dut gogoan eta izango dut. Bittorren borondatea, hizkuntzarekiko maitasuna eta grina izan dira, ideia berrien eta aspaldiko bateko baloreen ezagutzaren aztertzea. Hemen agertaraziko dizuedan guztia, Bittorren ikaslea edo idazkaria bainitz kontatua izango zaizue.

1974. urtean, Otxandion kantaldia

Memoriaren distiretan sartuko naiz. Uneoro bizitza aprobetxatuz bizi izan duenarentzat denbora arin doa, gustora ez dabilenentzat astiro. 1974ko Santa Mañeak ziren Otxandion eta hantxe kantuan hasi berri nintzan garaian, bertako plazan izan genuen kantaldiaren ostean, han agertu zitzaidan buru zurizko gizonezko hura.

Kaixo, zeaniztarra eh?

Bai, zeaniztarra, Gorbeiapekoa.

Gogotsu ikusi zaitut eta indarra dariozu eh!

Bueno, gazte gara gazte eta ez gaude konforme. Baina gustora hemen Otxandion eta batez be jende multzoa aurrean izanda, zertan kexau ez daukat.

Eta kantuak eta letrak nondik ateratzen dituzu ba?

Batzuk nik neuk, beste batzuk han hor hemen jasoak. Neure herrikoa dan Sebas Angoitiak ere egin dizkit letraren batzuk, gero neuk musika jarri diezaiedan, eta besteren batzuk, ba, herrikoiak.

Ea ba hurrengo baten Otxandiorantz zatozen eta zeure kantuentzako letraren batzuk egiten dautsudazan.

Bai, ondo...

Eta honelaxekoa izan zen gu bion arteko lehen alkar-ezagutza.

Misteriotsua iruditu zitzaidan ile zuridun gizon hura. Beti atsegin izan zaizkit jende misteriotsuak, norbere kasako gizakiak, munduarekiko pentsamolde eta bizitza beraren eraketan desberdin agertzen direnak, ezohikoak.

Dena egintza batetik hasten dela eta, astebete geroago han nintzan, Otxandioko sarreran, Otxandiotik Gasteizeranzko bidean ageri zen lehen baserrian, ageri zen dinot, zeren eta, eraikuntza berriak egin zituzten orain zazpi bat urte, eta ez baita egun izan zenaren arrastorik.

Han zebilen, kortan zeuzkan oilasko, oilanda, txitak, untxiak eta kuiak zaintzen. Nahiko lan ematen zion egunero berauek gobernatzeak, baina berarentzat entretenigarri zen eta hegazti horien okela ere atsegin zuen. Amarekin bizi zan, Sekundina, emakume txikia bezain bizkorra, Bittorrek amatara egin duela dio.

Zer dauela ba?

Hementxe ba, ea ze berri kontatzen duzun neuk ere ikasi dezadan.

Bai eh, etxabereen zalea ala?

Ez ez, nik ezer gutxi dakit honetaz, ni dendarien semea naiz eta lur eta abereen gaietaz mundua ez dut bizi ez ikasi.

Nahi bai ala?

Uste dot ni kalekume naizela gehiago eta baserri kontuetatik urrun nago, nahiz eta ama baserrian jaioa izan.

Neuk egin dot soloan beharrerako señoritotxoegia ez ete zaren!

Bai, guri plazakumeoi, señorito gosakilak deitzen ziguten baserritarrek.

Bittor bere botin berde luzeekin zegoen kortan, zarana bete belar zeukan besoetan eta kanpora ateratzeko gonbitea egin zidan.

Bagoaz baratzera?

Etxe ondoko baratzean, hainbat oilo eta oilasko eta han zebilen oilar bakarra ere. Haratxoago zeukan gobernatzen zuen lurra. Bertan zeuzkan landatutako tomate, porru, piper, letxuga, lekak, kipulak, patatak eta gainetikoak... guztiak etxerako jakiak.

Baratz inguruko soloan, madariak eta berak mentatutako hainbat sagarrondo. Ehun bat zioen berak, hauxe beraz, beronen lan entretenigarria eta aprobetxagarria.

Hantxe eta halaxe, aitzur edo igitai edo kodainaz pasatzen zuen eguneko hainbat ordu, zaran bete belar ekartzen zuen kortara eta gero etxean, liburu, aldizkari eta egunkariz betetako mahaiak eta liburuz eta apuntez hornitutako gelak zeuzkan.

Bittor bere baserrian hasi eta hazi zen, ez zen baserritarra dena den, hau da, ez zen baserritik bizi, nahiz eta hala sentitu. Baserrian igarotzen zituen ordurik gehienak, baina idazkeran aritzen zenean, bere beste pisuan zeuzkan idazteko makina eta bestetikoak.

Diruz beti ere justu eta estu. Dena den, bizitzeko behar ere askorik ez, baina gizarte honek eskatu egiten du eta eman askorik ez. Aldi gehientsu bateko lana noizbehinka bateko itzulpenak egitearena zen eta zeukanarekin justu justu bizi beharra zeukan.

Bittor dena den, ez zen diruaren beharraz obsesionatzen, bizitzeko lain daukat, eta badakizu, nik ez dodala askorik behar. Besteenganako deskonfiantza puntu bat ere bazuen, beraz, bakotxaren barruan, senean dagoela norberak egin beharreko bidea, eta bakoitzari dagokigula deskubritzea zioen. Norbera ezagutzeko gai dana, gizakion izaera ezagutzeko ere gai izango da.

Gure herria tribala da oso, eta alkarren arteko nahietan bizi gara, baina tribuen arteko burruketan ere ari izan gara eta gagoz eta horrexek nahasten eta ahultzen gaitu. Eta egoerari erantzun egokiena emotea ez da izaten gure trebetasuna.

Honetan, aholkulari ona izan zaitut, bai, neure ezbeharretan edota ahultasunetan edota zer egin jakin ez nekienean zeuganatzen nintzan eta jakitun baten patzientziazko erantzuna aurkitzen nuen zugan.

Bai, zure problematxoak gorabehera, mundua ez da amaitzen esaten zenidan. Zeuk deskubritu beharko dozu, hala ere, zer komeni jatzun, ze, nik esandakoak ez dakit baliotzat hartuko dozuzan!

Baina, balio handikoak ziren niretzat zuk zeniostazen gauzak, eta neukan arazotxoa niretzat handia bazen ere, geroan denbora pasa ahala, pasakorra izango zela konturatu nintzen. Batzutan, bapatean mundua gainera datorkigula sentitzen dugu eta denbora behar da hainbesterako ez dela kontuan jarri gaitezen.

Guk biok denetaz hitzegiten genuen, eta jakina, politika kontuetaz ere. Garai hura gogorra zen gainera. Frankismoaren azken atzaparretan geunden eta ni neu jendearenganako plazarik plazako kantuan hasi berri nengoen, beraz, banuen zer ikasi eta zeri ekin.

Asko ta asko joaten izan gara Bittorengana aholku bila, baina Bittorrek ez zuen inoiz esango zer egin behar duzun. Pistak emango zizkizun zeuk ulertzeko eta zeuk bilatzeko.

Bittor psikologoa zen eta horretan gutariko bakoitzak genituen zalantzei argibidea eta norabide zuzenena emango zigun. Bittorrek, esango zizunaz konbentzitu egingo zizun.

Bere asmoa gu geu aurrean dugunaz konturatu gaitezela eta gogoetak egin ditzagula zen.

Bai, nabari da zuk baserritarren traza gitxi daukazula. Lagun nagizu eta goazen belar apurren bat moztera, hemen berezkorik ez dago ezer-eta.

Nik gutxian-gutxika zer edo zer galdetzen nion, baina, lurra eta baratzeko gauzetaz apenas nekien ezer eta seguruen galdera tontoak izango ziren nireak. Eta laguntzaile on bat legez, neuk ere deskubritu nahi nuen zer-nolakoa izan zitekeen gizon hura, zeren, baratzean geundelarik hainbat eta hainbat gai generabilen eta nire ezjakintasuna jakinbidean jarriko zelakoan, entzutea baitzen nire eginbeharra.

Eta han zetorren bere ama Sekundina, gorputzez txikia baina bizkorra eta oso azkarra, nik uste denboraz bere beste iloba bat legez hartu ninduela.

Sarritan esaten zidan berak amatara egin duela, eta hala da, Bittorrek amaren izaera eta trazak zeuzkan. Negu garaiak hotzak dira Otxandion eta beraien sukaldean hainbat eta hainbat ordu pasatutakoa naiz. Gogoan dut behin anisko erroskilak egiten erakutsi zidala, bahhh, ze gozoak ziren! Gatzatua ere sekulakoa egiten zuen Sekunek. Han geunden arratsalde haretan Sekun eta biok sukaldean eta Bittor baratzean lanean eta kortan etxabereak zaintzen.


Bittor, Felipe (iloba) eta Sekundina (ama).

Gerran bizi izan zutena ere kontatzen zidan Sekundinak. Otxandion izandako sarraskia eta hainbeste errugabeen heriotza, eurek larri ibili zirela eta auzokide askoren drama kontatu zidan. Santa Maña jaiak hasi ziren egunean, 62 auzokide hil ziren Andikona plazan jaurtitako bonbardaketan, haietatik asko umeak. Bonbapetan bertatik alde egin behar zutenen garaiak, egun tristeak egun haiek.

Bittor gerran mutikoa zen eta baditu bere oroitzapen tristeak ere. Akaso gerraondokoak gehiago, baina hantxe hasi zitzaion gure herriarenganako eta batez ere euskararenganako maitasuna eta grina.

70.eko garaian, alfabetatze ikastaroetan ibilitakoa naiz eta euskara sakontzea gogoko nuen, zeren, jakina, nire garaikoak erdera hutsean ikasten baikenuen eskolan, beraz, zer hoberik Bittor bezalako gizonaren lagun egitea baino. Eta berau maisutzat hartuz gero, oso baliagarri izango zitzaidalakoan nengoen. Suertez halaxe izan zen.

Ni orduan Bilbon nengoen ikasketak burutzen eta gogoan dut astean behin Bilbora jaisten zela Bittor, Euskaltzaindiara asteroko bisita egiten zuen, autobusean edota R 4 edo “Cuatro latas” deitzen genion auto zurizka zahar haretan. Laster kendu zuen kotxe zatar hura eta autobusa zen Bilborantz edo Gasteizeranzko bere ibilgailua.

Beste nunbaitera joan behar zenean, lagunen bat edo beste aurkitzen zuen, askorik ez zen mugitzen, dena den.


Santi Kapanagak margoztuta. Otxandioko Andikona plazan bonbardaketak

eragindako sarraskia.

Neuk ere eraman nuen hainbat aldiz batera edo bestera, gogoan dut adibidez Ataunera, Joxe Migel Barandiaran bisitatzera joan ginen eguna. Estimu eta miresmen handia zion. (1 IDAZKIA: Jose Migel Barandiarani bidalitako eskutitza. Ikusi 223 orrialdea).

Ez zait ahaztuko, Euskaltzaindia zegoen kale berean, Arriaga antzoki ondoan zegoen eta oraindik dagoen Amaya jatetxean, behin, Gabriel Aresti, Bittor eta hirurok bazkaldu genueneko eguna. Niretzat ohorea zen halako bi jakintsu haien ondoan jartzea eta hain gertutik ezagutzea, bata gure poeta handienetarikoa, guztiz ezaguna, eta bestea, euskaltzale ikerlari-pentsalaria.

Sekulako oroimena dut eta nik entzun besterik ez nuen egiten. Han zebiltzan biak euskara kontuetan eta neronek entzuteko eta ikasteko belarria prest. Atentzioa eman zidan Gabriel Arestik euskara nahiko traketsa zerabilela berbetan, idazten denok dakigu zer eta nor zen.

Nik uste Bittor, gutariko askoren orakulu edo profeta legez hartzen genuela eta berari galdetzen geniola gure zalantza asko eta asko. Hori bera esan zigun hil berri dugun Jon Lopategi bertsolari handiak, une zailetan berarengana joaten zela eta noiz edo noiz aholku ederrak ematen zizkiola zioen.

Amaya jatetxean, beraz, halako baten Arestik poematxo bat atera zuen sakelatik eta Bittorri eman zion irakurri zezan. Bittor adi, bere irakurtzeko betaurrekoak jarri eta han non diotson:

Gabriel, poema hau zaila ikusten dot, gatxa ondo ulertzeko.

–Bittor, ona dan guztia zaila da.

Bai gero! Gabriel? Arrautza biribila da, baina biribila dan oro ez da arrautza, eh!

Ba, halakoxeak ziren Bittorren esaerak, pun... berehala metaforazko hitz esanguratsuak bailiran, balarik onenez disparatzen zizkizun.

Eta esan bezala, ni kantuan hasi berri eta kantu berriak sortu nahian nenbilenez, sarritan joaten nintzaion Otxandiora, eta berbetan denbora luzez egon ondoren, lapitza hartzen zuen eta... ea ba kanturen bat egiten dogun! Bueno, berak hitzak eta nik musika, zeren belarri txarrekoa baitzen Bittor. Baina han genbiltzan, biok biotara! Bittor hitzak bilaka eta ni neu doinuak nondik aterako ahaleginetan, eta noizbehinka agertu ere egiten ziren guregana aingeruak.

 

Bittor, zurekin musika arloan ez daukat konpetentziarik, zuk psikologo trazak dauzkazu eta diote Freud ere, zeure antzean, belarri txarrekoa zela, musikarako traketsa zela.

Badakizu, birtute guztiak eukitzea ezinezkoa da eta onuragarria be ez da izaten. Beraz, ea ba bion artean sortzen dogun kanturen bat edo beste, bada eta zer idatzi eta zer kantatu!

Garaian garaikoa bizi genuen, askatasun egarriz geunden eta nola egin aurrera, nola irten harrapaturik geunden lekutik?, norekin eta nor izanik bidean lagun? Bazegoen bai zer esan eta zer idatzi, eta kantu gehientsuak, egoerari aurre eginez, konpromiso sozial eta politikoaren alorrekoak ziren.

Inork ez gaitu inoiz askatuko

Zer itxoin dezakegu besteengandik? Ez askorik. Egiten duguna, egokia zein desegokia izan, geure esku dago, eta askatasunaren esperantza ere geure egintzatik etorriko da. Hauxe Bittorren pentsakera.

Ekinak, dena den, desekina ere ekartzen du. Bidea aldakorra da, gizakiok garen bezalakoxeak gara, baina norabide argia duen gizakiak zein herriak ere aurrera darrai. Eta norabidea argi izateko, nor garen beharrezkoa dugu jakin eta zer izan garen eta zer izan gintezkeen. Kantu hau ere giro gogor bezain itxaropentsuan sortu zen, ametsen loratzean. Eta askatasun desiran hartzen genituen gure konpromisoak.

Aberriarekiko konpromiso handia izan du Bittorrek, bakarreko lanean edota bere herri eta inguruarekikoa. Euskal kontzientzia sakona zuen Bittorrek baina bere abertzaletasuna euskera zen. Euskera pasioz eta emozioz maiteko zuen.

Bittorrek bizi izan deneko aro osoan bizi izango zuen gatazka, beraz, errealitate politikotik hurbil zegoen eta horrexegatik atsegin zuen politikaz mintzatzea.

Geu askatzaile

Baina gu inork ez gaitu

inoiz askatuko,

zer nahi dugu guk zinez

gizon izan edota

makurtuta bizi.

Egin, egin lana

hori da bidea,

ez itxoin inoren

laguntzarik.

Inorena hutsa da

hauxe dugu egia:

jo te ke mutila aurrera.

Beti gara kexaz

gure zoritxarrez,

inork salba gaitzan

itxaroan,

noiz etorriko ote

urrungo izarra

salba gaitzan indarra?

Bidez jausi ohi da

gogoz alper dana

itzar anai gazte

hire garra,

hauxe baiduk bide

benetan bakarra:

askatzaile geu gara.

“Geu askatzaile“ izenpean sortu genuen kantu hau eta halaxe uste izan du beti Bittorrek, askatzekotan geure gogoz eta aburuz izango dela ez beste inoren opariz. Bittorren ustetan ere, euskaldunon gatxa hauxe da: bata bestearen kontrako burruketan ibili izan garela historian zehar. Bitoriano Gandiagak esango zukeen legez, “Euskaldun batek zer gura dauan gatx jakin leike”.

Politika iritziak gurean barra barra erabili izan ditugu, guztiok izan gara eta gaude zelanbait politikaren menpe eta politikari lotuak. Ni neu kantuan hasi nintzen garaian, politikaren berpizkunde nahi bat zegoen, ezin zitekeen politika librerik egin eta klandestinitateak era askotako ekintzak sortu zituen. Kulturaren ekintzak ere garai baten, politika kontsignei lotuak ziren. Eta halakoxe giroan sortu zan kantu hau. Beraz, giro bati lotuak gaudenez, erantzuna ere bide hortatik doakigu.

Urte luzetan beldurpean egonik, ametsen berpizte bat zetorren, berpizkundearen protagonista nagusia, gizartea bera izango zelarik. Mugimendu sozialak eta militantismoa puri-purian zeuden, ameslariak ginen oso, gaur hori zoritxarrez zelanbait galtzen doakigu eta beste era bateko ekintzetan mugitzeko joera zabaldu da. Badirudi dena profesionalizatu dela eta era berean, Bittorren izaeratik urrun, funtzionario izateko nahietan ari direla gehientsuak.

Oraindik gogoan ditut, frankismopeko azken boladatako agerraldi jendetsuak, amankomunean gindoazeneko egunak, ilusioz beteriko bihotzak. Erreferentzi bat genuen: noizbait argia, egunsentia etorriko zela uste genuen. Iristear zegoen eta lortuko omen genuen amestutakoa. Hantxe ikusi baikenuen, hantxe sentitu genuen benetan herri baten nahia eta mistika, ahots bateratsuz, zantzoz eta kantuz, hunkiduraz betea.

Askatasun egarriz genbiltzan eta irudimena aideratu genuen. Baina gero gerokoa, ametsak beti dira errealitatea bera baino handiago eta ederrago, errealitatea beti da gordinagoa. Amestu genuen, zelanbaiteko ameskeria bihurtu zen arte. Dena den, lasterrera lortu ziren gauza batzuk eta okertuz joan ziren beste anitz eta korapilatu zen berriro gure elkarbizitza eta egunerokotasuna.

Ameslariak ginen oso, inozoak ere erabat, uste genuelako nolabait paradisu antzerako bat zetorkigula Franco hil ostean, independentzia, hor ate ondoan genuela, geure esku zegoela dena, geure indarrez eta ekimenez lortu genezakeela dena.

Askatasun aldarrikapenak ziren gureak, errealitatea askatasun osoan bihurtuko genuela eta, baina errealitateak irrealitate asko dauzka bere gainean eta alboan, eta botereak ondo kalkulatzen ditu gauzak eta gertaera guztiak, utzi ere egingo ziguten ilusioa zatitxo baten gugan gauzatu zedin, eta konturatu ginen bai aldarriak aldarri zirela eta aldarriak izaten jarraitu beharko dutela.

Dena den, olerkia eta kantua, askatasunaren alde burrukatzeko modua zen.

Laster laster

Laster, laster

laster izango duk

hik eta nik

itxaroten joaguna.

Lagun bat kalean

gorputz jausi duk

odol gorria dario

askatze lurruna.

Lurruna lurretik

ortzera bajoak

hodeiak eginik

bustiko gaituna.

Ago, lagun ago

ez duk neke alperrik

oinazen ta heriotz

bere uzta bagerik.

Kantu hau ere oso ezagun egin genuen eta gogoan dut, doinua Gorbeiarantz nindoala, aldaparik gogorrenetik abiatuta, San Justotik goranzko bidean, Zanburupean sortua dagoela. Doinuek ere hitz egokia behar dute eta bata bestearekin ondo ezkontzen denean, orduan bihurtzen da benetako kantua.

Araban bagare

1974ko abendua zen, negualde haretan Otxandiotik gertu dagoen Aramaioko Oleta auzoko Apieta baserrian sortu genuen beharbada bion artean egindako kanturik ezagunena eta baliteke esanguratsuena ere. Oletako baserri haretako behe-suaren inguruko egotaldi goxo hartan, ahuntzak ere handik zebiltzan. Eta gu geu, euskararen gaietan kontu kontari, hantxe genbiltzan Bittor hitzak bilaka eta ni neu doinuak nondik aterako ahaleginetan, eta agertu ziren bai guregana aingeruak. Lasterrera aideratu genuen kantua.

Bagare

Araban bagare

Gipuzkun bagera

Xiberun bagire

ta Bizkaian bagara

baita ere, Lapurdi ta Nafarran.

Guziok gara eskualdun

guztiok anaiak gara

nahiz eta hitz ezberdinez

bat bera dugu hizkera.

Herri bat dugu osatzen

berengan gara sentitzen

eta gure zabarkeriz

ez daigun utzi hondatzen.

Bagare, bagera

Bagire, bagara

euskera azkartzeko

oraintxe dugu aukera.

Bagare, bagera,

bagire, bagara

Euskadi askatzeko

oraintxe dugu aukera.

Melodia eta hitza uztartu genituen bertan. Ez Bittorrek ez eta neronek ere, ez genuen inoiz pentsatuko orduan sortutakoa hain entzutetsu bihurtuko zitzaigunik. Baina halaxe izan zen. Kantu bat arrakastatsu bihurtu daitekeen misterioa argitzea zaila da. Baina agian, kasu honetan, esan behar, benetan esanguratsu ditugun hitzak doinuari ondo itsatsiak daudela, eta, berez, kantuak entzunez batera, herrikoitasun kutsua hartzen duela, hau da, autoretzatik bertatik kanpo bihurtzen den horietakoa dela.

Kantuaren esanahia argia bezain zehatza da. Euskal subkonszientean barneraturik dugun “garen” hori baieztatzen du geure gogoan legokeena adieraziz.

Jende andana agertzen zen orduko kantaldietara, eta kantu hau, orduko beste kantu asko bezalaxe, ikur edo himno bihurtu zen segidan. Bihotzak eta sentipenak bideratutako egitasmoa zen gurea. Euskal Herriak bere egin zuen kantua, eta izan nahia, askatasun desira, zabarkeriaren aldentze eta batasun beharra adierazten zuen honek, berehala barneratu zen euskal herritarrengan.

Bagare lelopean orduan eta geroan ere elkartu egin izan dira milaka euskaltzale. Gaur, hainbat urte geroagoan, nire ustez aurrerakada itzela eman da sustatzeko ekimenean, eta zer esanik ez, euskararen presentzia handiagotzean.

Arabako lurraldean sortu genuen kantua eta garai hartan Gasteizen genuen euskararen presentzia egungoarekin konparatuz guztiz da desberdina, Araban sekulako gorakada egin du eta hori pozgarria da benetan. Agian euskararen kokapenean eta beronen hedaduran beti ikusi izan dugu herrialderik zailena Araba izan zitekeela; Gorka Knorren “zazpigarren alabak” Bittorren aburuz lehen alaba izan behar zuen, horixe esaten zion Gorkari.

Olete lõpetanud tasuta lõigu lugemise. Kas soovite edasi lugeda?